Antifaxistak askoz ere gehiago direla erakutsi dute Irunen

Koldo Nausia

"Ez nahastu etsaiz" sareak deitutako kontzentrazioarekin 400 lagun inguruk bat egin dute Alberto Anguera plazatik abiatu den "Irun garbia eta segurua" lemapeko manifestazioari aurre egiteko. Auzo-patruilen mugimendua eta Colaboracion Ciudadana taldearen jokaera «arrazista eta faxista» ez dutela Irunen onartuko ozen ohiukatu dute, Ertzaintzaren ezohiko operatibo batek hartutako plazan. «Auzo patruilak kanpora!», «ez da segurtasuna, arrazakeria da», «nativa o extranjera, la misma clase obrera» eta «fuera racistas de nuestros barrios» leloekin agurtu dituzte aipatutako martxan parte hartu duten 60 lagun eskasak.

 

"Ez nahastu etsaiz" sareak 17:45ean deitutako elkarretaratzeak 400 lagun inguru bildu ditu gaur poliziak hartutako Irungo Alberto Anguera plazan. San Miguel auzoa ezohiko Ertzaintza operatibo batekin inguratu dute, eta plaza bitan banatu dute hesiekin segurtasuna bermatzearren, eta kioskoa erdi erdian zutela batzuk eta besteek ez dute apenas elkar ikusi ere.

Entzun, aldiz, ozen entzun dituzte Colaboracion Ciudadana taldeak "Irun garbia eta segurua!" lemapean antolatutako martxara batu diren 60 lagunek antifaxisten leloak. «Auzo patruilak kanpora!», «ez da segurtasuna, arrazakeria da», «nativa o extranjera, la misma clase obrera» eta «fuera racistas de nuestros barrios» leloekin agurtu dituzte 18:00ak pasatxotan plaza bazter batetik abandonatu eta San Juan plazarako bidea hartu dutenean. Ez da istilurik sortu, baina «arrazismoa eta faxismoa Irunen ongietorria ez dela erakusteko» mezua argi geratu da plazan.

 

Izan ere, Irungo mugimendu ezkertiar eta antifaxista ezberdinek bat egin dute Colaboracion Ciudadana taldeak ostirala honetan deitutako mobilizazioari aurre egiteko. Gauaren babesean egin dituzten auzo-patruilez harago, sare sozialetatik espazio publikora egin duten aurreneko urratsa testimoniala izan da, parte-hartze urria izan baitu.

Hala ere, 2025eko udaberriaz geroztik Irunen antolatutako auzo-patruilen sustatzaileez gain, zenbait ordezkari politikok bat egin dute haiekin, San Miguel auzoko Alberto Anguera plazatik San Juan plazarainoko bidean, haien ustez «erdiguneko kale narriatu eta arriskutsuenak» diren puntuetan geldialdiak eginez.

Presentzia testimoniala

Bat egin duten ordezkarien artean, Irungo udal korporazioko PP alderdiko Carlota Sanz, eta David Nuño zinegotziak izan dira bertako bakarrak (Elkarrekin Podemosek alderdiko diziplinatik kanporatutakoa). Irunen jada desagertutako Ciudadanos alderdiko Irungo udal hauteskundeetarako 2015eko zerrendetan ibilitako zenbait kide bertaratu dira ere, eta gainerakoak Gipuzkoako VOX eta PP alderdiko ordezkariak izan dira. Haien artean, Gipuzkoako Batzarretako PPko bozeramailea Mikel Lezama, eta alderdi bereko Donostiako Udaleko zinegotzia Borja Corominas.