Auzo Patruilek Irunen deitu duten martxa arrazistari aurre egingo diote urriak 2an

Koldo Nausia

«Ez Nahastu Etsaiz. Irunen Arrazakeriari eta Faxismoari Ez!» lelopean, urriaren 2an 17:45ean elkarretaratzera deitu dute Irungo San Miguel auzoko Alberto Anguera plazan. Ordu laurden beranduago eta leku beretik abiatuta, Irungo auzoetan gauez «segurtasuna bermatzeko» eta «delituak prebenitzeko» aitzakiapean dabiltzan Auzo Patruilen taldeek deitu duten martxa abiatuko da. Kolektibo antifaxistek «patruilak arrazakeria eta gorrotoa zabaltzen duen mehatxu politikoa» direla salatu dute, eta Irunen «arrazismoa eta faxismoa ongietorria ez dela erakusteko» plazara bertaratzeko deia luzatu dute.

Azken urteetan, Irunen gorakada etengabea izan duten ideia erreakzionarioen eta ultraeskuinaren olatuari aurre egiteko garaia dela sinetsita daude. Izan ere, sare sozialek eskaintzen duten anonimatuaren babespean gorroto mezuak barreiatzeaz harago, Irungo kaleetan haien presentzia areagotzen joan da etengabe.  

Agerraldian gogoratu dute, 2021ean etorkinen aurkako «ehizarako» deiak egin zituztela Moskun. Eta 2022ko irailean migranteak atxilotzeagatik Irungo polizia nazionalek opor egunak saritan jasotzen zituztela jakin ondoren, 2023az geroztik, (aurten izan zen azkena) talde neonaziek Lakaxita eta Moskuko gaztetxeen kontrako eraso eta pintaketak egin dituztela hainbat alditan. 2025ean Palmera Montero gunean eta Urantzu kalean «Moros Fuera» zioten pintaketak azaldu ziren. Azken hilabeteetan desokupazio enpresa faxisten presentzia ere izan da Dunboan, eta kolektibo antifaxistek egin zioten aurre.

Gorrotoaren diskurtsoa

Izan ere, Irungo Udalak eraso hauen guztien aurrean isilarena eman du erantzun bezala orain artean. Baina Auzo Patruilen mugimendutik, Irungo hainbat «kale degradatu eta arriskutsu» direlakoan dianaren erdian jarri dituzte Auzo Patruilek, eta Alberto Anguera plazatik San Juan plazara martxa antolatu dute urriaren 2an 18:00etan haietatik pasatzeko asmoz. Horri aurre egiteko kontra-mobilizazioaren deitzaileek argi dute «patruilak mehatxu politikoa direla Irunentzat, kanpora begira euren irudia zuritzen ahalegindu arren, arrazakeria eta gorrotoa zabaltzeko lan egiten duten pertsonek gidatutako taldea delako». Agerraldian ohartarazi dutenez, «balizko segurtasun ezaren diskurtsoarekin migratzaileen aurkako beldurra sortu eta ultraeskuinaren agenda politikoa inposatzeko dibulgazio funtzioa betetzen dute».

Alde horretatik, agintari politikoek segurtasun ezaren diskurtsoa onartu eta eskuin muturraren errelatoa zuritu egin dutelakoan daude. Izan ere, Irun estatu polizial baten eredu bilakatu dela gogoratu dute. Azken urteetan kaleak kontrolatzeko 226 bideozaintza kamera instalatzeaz gain, inguruko udalerriekin alderatuta presentzia poliziala nabarmena da Irunen. «Udaltzaingoa, Ertzaintza, Polizia Nazionala eta Guardia Zibilaren artean 7-8 polizia agente daude 1.000 biztanleko» azpimarratu dute, baina agintariek «polizia gehiago kontratatzeko eta kontrol-sozialean sakontzeko» eskariari men egiten diete haien politiketan lehentasuna emanez.

Kolektibo antifaxistek argi dute, «segurtasuna eta delinkuentzia marko kontzeptual sesgatu eta tranpatia» dela. Eta segurtasun falta pobreziak eta agintari politikoen erabakiek eragiten dutela. «Langabeziak sortzen du segurtasun eza, soldata ez nahikoek, inflazioak, etxegabetzeek, osasun publikoaren desmantelazioak, indarkeria matxistak, eraso arrazista eta LGTBIQ+ foboek», salatu dute. 

Irun eta Euskal Herria, harrera herria dela aldarrikatu dute. Eta «Auzo Patruilak bezalako talde arrazistei kalean aurre egitea premiazkoa» dela pentsatzen dutenez, Irunen «arrazismoa eta faxismoa ongietorria ez dela erakusteko eta martxari aurre egiteko» dei egin dute urriaren 2an (17:45ean) Alberto Anguera plazara bertaratzeko.

Agintarien gelditasuna

Irungo Udalak ez du aipatutako martxa arrazistari buruz adierazpen publikorik egin. Hala ere, Auzo Patruilen auzia ez da berria. Antxeta Irratiak egindako ikerketa batean salatu zuen jada 2025eko udaberrian, baita Irungo udal agintariei, eta Irungo udaltzainburu eta ertzainburuari galdetu ere. Eta orduan agintari polizialek Auzo Patruilen kideek gauez kalean paseoak ematea ez zela delitua aditzera eman zuten.

Aste honetan, aldiz, Antxeta Irratiaren galderari erantzunez, Irungo EAJ-PNVko bozeramaile eta bigarren alkateorde Gorka Alvarez kezkatuta agertu da martxa honen deialdiak erabiltzen duen lengoaiarekin. «Beldurra ematen du eta arduratuta nago, izan ere, "Irun garbiago bat lortzeko" lelo horrek zer esan nahi du?», galdetzen du, «Irunen etorkinak egoteak ez du esan nahi gure kaleetan zikinkeria dagoenik, eta ikusten ari gara Espainian eta Europan zer nolako mezuak hedatzen ari diren zenbait alderdi politikok, hori nahi dugu ere gure hiriarentzat? Gauzak ez dira horrela konpontzen», dio EAJ-PNVko ordezkariak. Hala ere, bere ustez, «bihotz oneko irundar asko joango da mobilizaziora, martxa horren atzean dagoen guztiarekin bat egiten ez duena». Horregatik herritarrei eskatu die kontu handiz ibiltzeko, eta ondo pentsatu dezaten zer mezu eta zer deialdiri kasu egiten dieten.