Irungo Udalak aurrerapauso garrantzitsua emango du ostiralean
Isuri Gutxiko Eremua (IGE/ZBE) errealitate bilakatzeko. Azaroaren 27ko udal osoko bilkuran onartzera eramango baitu udal gobernuak horri lotutako udal ordenantza, eta horrenbestez, 2023an hasitako prozesuaren azken txanpan sartuko da. 2028an erdigunean lehen zirkulazio debekuak aplikatu ahal izateko, paperak eusten duena kaleetan irudikatzea eta aplikatzea besterik ez da faltako.
Borja Olazabalek eta Sergio Javier Alzagak, Garapen Jasangarrirako eta Mugikortasunerako udal ordezkariek azpimarratu dutenez, «udal gobernuak aurkeztutako araudia aberasteko balio izan duen herritarren partaidetzarako aukera eman eta alegazioak aztertu ondoren» onartuko dute udal ordenantza. «Teknikoki bideragarriak ziren alegazioak txertatu ditugu, eta araua justuagoa eta egoera partikularretara egokitzeko zenbait salbuespen gehitu ditugu», argitu du Sergio Javier Alzagak.
Salbuespen gehigarriak
Azaldu dutenez, IGE/ZBE eremutik kanpo bizi diren eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE edo RGI) jasotzen duten pertsonek eremura sartu ahal izango dira. Era berean, adin txikikoei akonpainamendua egiteko, eremuan sartzeko ingurumen bereizgarririk ez duten ibilgailuekin egin ahal izango da, Irungo Udalari baimena eskatu eta behar bezala justifikatuta.
Bestalde, udal ordenantzak 48 orduko epea eskaintzen zuen larrialdi baten ondorioz eremuan sartu behar izatekotan udalari ardura adierazpen agiria aurkezteko. Eta salbuespen horren epea 72 ordutara luzatu dute. «Osasun larrialdi batengatik anbulatoriora joan edo guardiako farmaziara joan behar izan duenak hiru egun izango ditu udalari komunikatzeko», argitu du Borja Olazabal zinegotziak.
Sergio Javier Alzagak eta Borja Olazabal gaurko agerraldian.
Azkenik, aurreikusia zuten beste salbuespen bat malgutu egin dute. Izan ere, aparkaleku propioa duten hoteletako bezeroek eremuan sartzea baimentzea aurrez onartzen zuen araudiak, eta alegazioei esker, etxebizitza turistikoetako erabiltzaileei ere emango diete aukera hori.
Herritarren partaidetza
Joan den uztailaren 6tik irailaren 30era Txanaleta plazan kokatutako Isuri Gutxiko Eremuari (IGE/ZBE) buruzko informazio puntuan herritarrek zalantzak argitzeaz gain,
herritarrek 275 alegazio aurkeztu zituzten. Hauek guztiak teknikoki aztertu ditu udalak, eta zenbait salbuespen gehigarri txertatu ditu azaroaren 27an udal osoko bilkuran onartuko den udal ordenantzan.
Informatzera bertaratu ziren herritarren profilari dagokionez, %68 gizonezkoa izan da, eta %73 Irunen erroldatutakoak. Bestalde, 36 eta 65 urte bitarteko pertsonak dira interes gehien erakutsi dutenak, kontsulta guztien %58. Haatik, 65 urtetik gorakoek ere interes handia agertu dute, ororen %38. Udalak aditzera eman duenez, irundarren kontsulta ohikoenak, ZBEri buruzko informazio orokorrari buruzkoak izan dira. Honako kontsulta hauek egin dira batik bat: eremuaren aplikazio-eremua, garajeetarako sarbidea, ibilgailuaren ingurumen-bereizgarriaren identifikazioa eta etiketa bakoitzak dituen inplikazioak.
Gogoan hartu behar da, 2030 urterako Irungo erdiguneko zirkulazioa %20 eta isuriak %25 batean apaltzeko helburua duen araudia izango dela indarrean ezarriko dutena. Irungo Isuri Gutxiko Eremuaren barruan dauden 1.540 establezimenduen jarduera ekonomikoan eragingo du batetik, eta bestetik, eremu barruan irundarren %22,4 bizi dela (14.000 pertsona orotara) zuzenean hunkitutako hiritarrak, zein gainerako guztiak informatzeko premia zegoela nabarmendu du udalak.
Borja Olazabalek, Garapen Jasangarrirako zinegotziak esan duenez, «interesa adierazi duten herritar guztiek izan dute aukera ekarpenak egin eta iritzia emateko». Dioenez, Txanaletako informazio puntuaz gain, 2023an hasi zen prozesuan zehar, udal agintariek eta teknikariek «lanketa sakona» egiteaz gain, prozesuaren garapenaren berri emateko bilera informatiboak eta herritarren partaidetza bideratzeko saioak egin dira.
Bost urteko prozesu luzea
Alde horretatik, udal ordenantza garatzeko urteotan hunkitutako kolektiboekin egindako partaidetza saioen emaitza dela defendatzen du Irungo Udalak. Eta azaroaren 27ko udal osoko bilkuran behin onartutakoan, 2028 urteko bigarren seihilekoan indarrean sartzeko azken fase administratiboa hasiko da. Gipuzkoako Buletin Ofizialean argitaratu bezain pronto, Irungo Udalak IGE/ZBE eremua errealitate bilakatzeko beharrezkoak diren baliabideak esleitzeko prozesua hasiko baitu. «Aplikatu den hirietan ikusi dugun moduan, kamarak egongo dira matrikulak irakurtzeko eta eremua behar bezala iragartzen duten seinaleak», argitu du Olazabalek, «baliabide teknologikoak erosi eta instalatzeko milioi euroko inbertsioa aurreikusten dugu». Eta horretarako 18 hilabeteko epea beharrezkoa izango dela kalkulatzen dute.
Horiek horrela, Isuri Gutxiko Eremuaren (IGE/ZBE) proiektua abiatu zutenetik eta aplikatu orduko, bost urte pasatuko dira. Inguruetako 50.000 biztanle baino gehiagoko hiri guztietan indarrean izango da ordurako, eta Espainiako Estatu mailan eztabaida politikoa ez ezik, ziurtasun-juridiko eza dagoela aitortzen dute udal ordezkariek. Hala ere, Irungo Udalak azken 20 urteetan daraman mugikortasun politikaren irizpide nagusiak «kutsadura gutxitzeko helburua» izan dutela oroitarazten du Olazabalek. «Ez dakigu zer gertatuko den etorkizunean IGE/ZBE eremuekin, baina Irunen San Juan plaza eta inguruak oinezkoentzat egokitu edota autobus zerbitzua elektrifikatzeko apustua egin genuen aspaldi, eta udal ordenantza hau bide beretik doan urrats bat gehiago besterik ez da», azpimarratu du.