Kotte Ecenarrok Polizia Nazionalaren «komisaldegi oso bat» eskatu du Hendaian hiri-segurtasuna bermatzeko

Koldo Nausia

Azken asteetan Hendaian emandako «lapurreta eta gertakari latzak» kontuan hartuta, poliziaren presentzia indartzea eskatuz idatzi dio Kotte Ecenarro auzapezak Laurent Nuñez Barne Ministroari. Polizia-etxea Donibane Lohizunen zentralizatua dago gaur egun, Hendaia 20.000 biztanlerekin handiagoa izanik. Herrian PAFeko agenteen presentzia nabarmena dela aitortzen badu ere, ezin dute printzipioz muga eta migrazioa zaintzearekin lotua ez den misiorik bete, eta gauez Hendaian ez da hiri-segurtasunerako patruilarik bermatzen.

Joan den martxoko udal hauteskundeetan puri-purian izan zen segurtasunaren gaia Hendaian. Eta bere horretan jarraitzen du. Azken urteetan delituek herrian, eta etxeetan lapurretek gora egin dute. Eta azken asteetan gauez eta jabeak etxean zeudela sartu dira lapurtzera. Hau kontuan hartuta, Kotte Ecenarro auzapezak poliziaren presentzia indartzeko galdegin dio Frantziako Gobernuari.

Eskutitz bat idatzi dio Barne Ministroari gaur egun Donibane Lohizunen zentralizatua dagoen polizia-etxearen zerbitzua Hendaian ezartzeko. Mixel Berra, udal gobernuko kideak Antxeta Irratian argitu duenez, «Hendaiak 20.000 biztanle ditu, Donibane baino gehiago, eta hendaiarrok ordaintzen ditugun inpostuekin segurtasuna bermatu beharra dago».

Alde horretatik, Hendaiako herriko etxeak 8 polizia munizipal lanean ditu gaur egun, baina lapurreten prebentzioa eta salaketak kudeatzea ez da haien berezko eskumena. «Hendaian salaketa bat jarri nahi baldin badugu Donibanera joan behar dugu, eta gauetan ez dago polizia nazionalaren patruilarik», gogoratzen du Berrak. Poliziaren presentzia Hendaian nabarmena dela aitortzen du udal ordezkariak, «baina muga kontrolatzeko lanetan ari dira». Joan den apirilean jada, Kotte Ecenarrok Hendaiako eta Donibane Lohizuneko barrutian Polizia Nazionalaren plantilla indartzeko eskatu zion prefetari. Frantziako poliziak Hendaian duen segurtasun publikoko «presentzia apala» delako, eta gauez ez delako patruilarik bermatzen. Izan ere, PAFeko agenteek ezin dute printzipioz muga eta migrazioa zaintzearekin lotua ez den misiorik bete.

Udalaren segurtasun neurriak

Hendaiako herriko etxeak hainbat saiakera egin ditu azken urteetan hiri-segurtasun neurriak indartzeko. 2017tik bitik zortzira emendatu du udaltzainen kopurua. Eta bere eskumenetan diren arloetan, 2025eko urtarrilaz geroztik udaltzainek armak erabili ahal izatea erabaki zuten. Erabaki honek eztabaida nabarmena eragin zuen herrian, baita udalgintza mailan ere. Hendaia Biltzen talde abertzalearen ustetan, herritarren artean delitu zifra ofizialek justifikatzen ez duten «deskonfiantza, beldurra eta bortizkeriaren eskalada» besterik ez baitu ekarriko.

Era berean, 2018an bideozaintza kamera sistema oso bat antolatu zuen udalak prebentzio neurri disuasorio gisa, eta eman daitezkeen lapurreten ikerketarako. Herriko Kontseiluan eztabaida handiz onartu eta gerora garatzen joan dira, eta Mixel Berrak aditzera eman duenez, 2027ko udal aurrekontuak lantzen ari diren honetan, bideozaintza indartzea aurreikusten dute. 

Ildo beretik, 2025eko uztailaren 23ko herriko kontseiluan "Herritarren zainketa" taldeak auzoetan sortzeko proposamena aurkeztu eta onartu egin zuten, «tresnak delinkuentzia prebenitu eta hurbiltasuneko polizia sortzen lagunduko» zuela argudiatuz, eta dispositiboa Hendaiako komisariak kudeatuko zuela argituz.

Herriko Etxeak delituen gorakada eman du beti erabaki hauek justifikatzeko, baina datu zehatzik eman gabe. Eta oraingo honetan ere, poliziaren presentzia indartzeko eskaeraren atzean «gertakari latzak» aipatu ditu Mixel Berrak. Izan ere, zenbait lapurreta gauez eta jabeak etxean zeudela eman baitira. «Hala ere, delitu zifrez harago, herritarrek bizi duten segurtasun ezaren pertzepzioa» kontuan hartu behar dela dio hautetsiak. 

Hala ere, Frantziako Barne Ministerioaren datu ofizialen arabera, biolentzia intrafamiliarra (genero indarkeria barne) kasuak baizik ez dira emendatu azken urteotan. 2025ean halako 175 salaketa eman ziren herrian. Gainerakoan, 2020an kaleko 400 lapurreta inguru eman ziren bitartean, iaz 500 salatu zituzten. Baina 2019an 640 inguru eman zirela adierazten dute datuek. Bestalde, cambriolage edo etxeetan sartuta emandako lapurretei dagokienez, behera egin du azken urteetan. 2018an izandako halako 100 delituetatik, 2020tik honat ez dira 50etik gora gertatu urtean, batez bestean. Droga trafiko delituak ere, 60koen heinean mantentzen da urtero.