Hondarribiko Juan Laborda kaleko 3. zenbakiaren atea, 2020ko martxoaren 5an Ertzaintzak egindako Hondarbiko Gaztetxearen desalojoa gogora ekartzen duen pintaketa batekin esnatu da gaur. Gazteak hutsarazi zituztenetik hutsik dago Hondarribiko Egiluz jauregia. Gipuzkoako Elizbarrutiko jabetzakoa izanik, gazteek okupatu eta berehala ekin zion honek auzibideari, eta lau kide auzipetu zituzten. Epaiketa hartatik absolbituta atera ziren, baina elizak mantendu egin zuen bere jabetza ukiezina izateko nahia. Gaztetxea hustu ondoren, sei urte pasatu dira, eta eraikin historikoa erabili gabe jarraitzen du. Hain justu, gazteen topaleku bilakatu eta Alde Zaharra biziarazi aurreko 10 urteetan bezala, abandonatuta.
Herriko eta Alde Zaharreko bizilagun askoren sustengua jaso zuten 11 hilabeteko okupazioan.
Patxi Muñoz Antzisar, okupazioan parte hartu zuen. Eta gogoratzen duenez, ondare historikoa den Egiluz jauregia eraikuntza materialen hondakindegi eta biltegi gisa erabilia zenez, hau hustu, garbitu eta atondu egin zuten. Alde Zaharreko bizilagun eta herriko eragile askoren babesa jaso zuten. Eta gerora"Desalojoaren aurrean, gaztetxea defendatu" kanpaina eginda ere, azkenik bertatik kanporatuak izan ziren. Urtebete beranduago, Elizbarrutiak ez zien gazteei okupazioa barkatu. Eta 3.994 euroko epaiketa kostuak erreklamatu zizkien. Egoera honen aurrean, diru bilketa kanpaina bat abian jarri zuten gazteek, aipatutako gastuei aurre egin ahal izateko.
Hamaika hilabete eskas iraun zuen Hondarribiko Gaztetxe hark. Baina ehunka egitasmo burutu zituzten bertan. «Hitzaldiak, proiekzioak, kontzertuak, tailerrak, bilerak, errefortzu klaseak… hilabetero dinamika azkarra zegoen, eta gaur egungo Herri Olinpiadak ere ezin daitezke ulertu gaztetxe hori gabe», dio Patxik. Hori dena egiteko, espazioa beharrezkoa baitzuen gazte asanbladak, eta Hondarbiko Gaztetxeko kide ohiek ustez, «herriari erakutsi zitzaion gazteek oraindik bagenuela herrian eragiteko grina».
Eraikin historikoa
Herriko gazteek historia egin zuten 2019ko apirilaren 19an, Aste Santuan, Egiluz jauregiko ateak zabaldu zituztenean, baina ez zuten bide erraza izan. Balizko desalojoaren aurrean, eliza eta gazte asanbladaren arteko negoziazio baten beharra ikusten zuten gazteek. Eta Hondarribiko Udalak ere zer esana zuelakoan, Txomin Sagarzazu garaiko alkatea interpelatu zuten hainbat aldiz. «Elizak dirua besterik ez zuen nahi, eta udala oso jarrera erosoa hartu zuen», gogoan du Patxik. Izan ere, ondare historikoa da Juana La Locaren Etxea gisa ezaguna den eraikina, eta elizaren jabetzakoa zenez, pribatua zela eta ezer gutxi egin zezaketela aditzera eman zuen alkateak, ia urtebeteko okupazioa iraun zuen bitartean.
Alde horretatik, etxearen ezizena, arrazoi historiko bat du. Izan ere, 1502ko urtarrilaren 26an, Gaztelako Juana I erreginak (Juana La Loca gisa ezaguna) eta bere senarra Felipe El Hermosok bertan lo egin zuten, Flandesetik Toledorako bidean zihoazela. Eta gau bakar batek markatu du eraikin horren geroa, egun arte.
Gaztetxe baten beharra
Gehiago iraun baitzuen Hondarribiko Gaztetxeak bertan. Baina sei urte geroago, «barruan izan zuen bizitza horrek ez du arrastorik egun», diote okupazioan parte hartu zutenek. Orain eraikina saldu, eta atzerriko dirudun baten eskuetan erori dela azaldu dute. «Oso aberatsa den kanpoko norbaiten errenazimenduko jauregi bat erosteko kapritxoa izan da, eta herriko ondareari berriro ere prezioa jarri dio elizak hau salduz, baina babes maila altua duenez ezin izan du etxebizitza egiteko obra egin, eta linbo batean aurkitzen da orain, batek daki noiz arte», dio goibel Patxi Muñoz Antzisarrek.
Bien bitartean, sei urte hauetan Hondarribiko herriak ez du gaztetxerik izan, eta horrek gazteengan eragin zuzena izan duela diote. Hala ere, gazte mugimendua ez da geldirik egon. Eta hainbat ekitaldi antolatzeaz gain, «gaztetxe baten beharra ezinbestekoa» denez, urteotan saiakera ezberdinak egin dituzte espazio egoki bat lortzeko.
Hondarribiko Udala interpelatu zuten 2024ko uztailean, 30 bat gaztek San Telmo edo Piraten gaztelua okupatu zutenean. Ondoren Hondarribiko udaletxeko arkupeetan bi gau eman zituzten, Igor Enparan alkatearekin bilera lortu zuten arte. Baita aterabide bat bilatzeko konpromisoa ere. Udalak Puntalean duen egokitu beharreko lokal bat hitzeman zien orduan, baina oraindik horren esperoan jarraitzen dute. Hala ere, harremanetan jarraitzeko konpromisoa hartu zuen alkateak haiekin, eta bertan behera utzi zuten ekintza.
Era berean, 2024ko abenduan Bidasoako Gazte Langileon Asanbladak Irungo Moskuko Gaztetxearen okupazioa burutu zuen hilabete eta erdiz. Baina berriz ere, jabeekin auzibideetan sartu eta hau uztea erabaki zuten.

Gaztetxean giltzapetu ziren Ertzaintzak desalojatu zituen egunean, herritar askoren babesarekin.