Hondarribiko Udala orain artean etxebizitza publikoen alorrean Alokabideren bitartekari gisa subjektu pasiboa izan da Igor Enparan Araneta alkatearen arabera. Baina honek aditzera eman duenez, «udal titulartasuneko etxebizitzetan ardura beste administrazioei edota bigarren transmisioetan partikularrei utzi beharrean» udalak kudeatu ditzakeen baliabideak arautu eta etorkizunean herriak lortuko duen etxebizitza babestuen eta sozialen parkea kudeatzeko udal ordenantza berria garatu beharra du. «Etxebizitza da gure kezka nagusietako bat, geroz eta zailagoa da etxebizitza baterako sarbidea, eskaintza eta eskariaren arteko desoreka gero eta nabarmenagoa da, eta gazteei zein diru-sarrera ertain eta txikiak dituzten herritarrei eragiten die bereziki», gogoratu du.
Alde horretatik, etxebizitzaren merkatua konplexua bada ere, hondarribiar askok aparteko egoera bizi dutela azaldu du alkateak. Izan ere, Hondarribian babes ofizialeko etxebizitzak eta sozialak egin daitezke, baina diru-sarrera eskasak ez dituzten herritar askok ez dute bizitoki pribatua erosteko aukerarik, baina etxebizitza publikoaren parametroak gainditzen dituzte. Eta beraz, segmentu ezberdinetako kolektiboentzako alternatibak bilatu nahian, azken urteetan landu duten
Hirigintza Antolamendu Plan Orokorrean (HAPO) aurreikusten dituzten aukerak ere aintzat hartu nahi dituzte. Izan ere, 1.500 etxebizitza berri inguru eraikitzea aurreikusten da. Baina Estitxu Urtizberea Hirigintza arloko zinegotziak aditzera eman duenez, «merkatuak agintzen duen alokairuaren eta jabetzaren dikotomiaz harago, alokairu asekibleak, etxebizitza tasatuak eta kooperatiba bidezko proiektuak kontuan hartu behar dira ere».
Partaidetza prozesua
HAPOa herriko etorkizuna planifikatzeko tresna bada, urte bukaerarako behin betiko onartu ahal izatea espero du udal gobernuak, eta Hondarribiko Udalaren etxebizitza parke publikoa handitzea ahalbidetuko duelakoan daude udal agintariak. Hala ere, oraindik Kostaldeko Agintaritzaren ebazpenaren esperoan dago udala dokumentua behin betiko onartzera eman ahal izateko.
Baina hau onartuko denerako, etxebizitza babestuak eta zuzkidura-bizitokiak eskuratzeko eta esleitzeko baldintzak zehaztuko dituen udal ordenantza onartua nahiko lukete. Hori izango baita udalak izango duen tresna etxebizitza babestua kudeatzeko. Hartara, "Etxebizitza publikoak herria egiteko" lelopean, parte-hartze saioak antolatuko dituzte herritarrak informatu eta ekarpenak jasotzeko. Ondoren, udal araudi berria idatzi beharko dute, eta udalbatzak hasierako onarpena eman ondoren, erakusketa publikoa eta alegazioak aurkezteko epea irekiko dute. Hauek kontuan hartu eta behar aldaketak egin ondoren eramango lukete udalbatzan behin betiko onarpenera.
Urtizbereak aitortu du, proposatzen ari diren araudia «oso anbiziosoa» dela, arautuko dituen etxebizitza mota anitz kontuan hartu nahi dituelako. Eta bereziki, herritarren adostasuna bilatu nahi dutelako, etxebizitza horiek nork eska ditzaketen eta zein baldintza beharko dituzten argituko duen araudiaren irizpideak zehazterako garaian. Horretarako, urriaren 15ean parte-hartze saio bikoitza antolatu dute Itsas Etxean, 11:00etan eta 18:00etan, goizez izan ala arratsaldez herritar orori aukera emateko. Eta arratsaldeko saiorako zaintza zerbitzua eskainiko dute.
Etxebizitzak norentzat eta zein baldintzetan
EAE mailan arau-marko bat dagoela gogoratu du Urtizbereak, baina horren barruan udalak zenbait irizpide zorroztu ditzake bistan denez. «Erabaki beharreko zerbait da, batetik etxebizitzak banatzerako garaian dauden talde edo kolektiboen kupoak, hau da, guraso bakarreko familiak, familia ugariak, indarkeria matxistaren biktimak eta abarrei zuzendutakoak diren», azaldu du Hirigintza ordezkariak, «eta modu berean, diru-sarrera minimoa eta maximoak, edota Hondarribian erroldatuta zenbat denbora behar den bezalako baremoak».
Zentzu horretan, garatu nahi duten udal ordenantzaren filosofia argia da: «hondarribiarrek herrian bizi ahal izateko etxebizitza duin batetara sarbidea bermatzea». Baina aipatutako irizpideek markatuko dute, hain justu, zer den hondarribiarra izatea. Urtizbereak aitortu du, gaur egungo herriko familia berriek bizitza proiektua herrian egin eta euren seme-alabak bertan edukitzea «ezinbestekoa» dela, gizarte eta herri nortasunaren jarraikortasunaren aldetik.
Baina udalari ez zaio oharkabean pasatzen, garai batean Hondarribian bizi ziren gaur egungo 30 eta 45 urte arteko herritarren %40 inguruk herria utzi dutela. Eta haiekin ere pentsatzen dute. «Horietariko askok gaur egun ez dituzte beharbada etxebizitza publiko bat eskuratzeko baldintzak betetzen, dagoeneko kanpoan etxea erosi dutelako, edota errolda baldintzak betetzen ez dituztelako, baina herrira bueltatu daitezkeen zenbaitzuei aukera emanez nolabait erreparazio bat bilatu nahiko genuke», esan du.
Etxebizitza politikaren ardatz nagusiak
Nolanahi ere, Hondarribiko Udalak hainbat urrats eman ditu agintaldi honetan etxebizitza arazoa arintzeko helburuarekin. Igor Enparan alkateak nabarmendu du, HAPOA onartzerako udal ordenantza prest eduki behar dela, Hondarribiko Udalak handituko duen etxebizitza publikoen parkea kudeatu beharko duelako. Hala ere, HAPOari itxaron gabe, agintaldi honetan etxebizitza duin baten sarbidea bermatzeko abian jarritako politiken ardatz ezberdinak gogoratu ditu.
Batetik, dagoeneko eraikita dagoen parkeari dagokionez, Hondarribia
Bizitegi Eremu Tentsionatu edo Tenkatua, izendatzeko maiatzean egindako eskaera Etxebizitza Sailaren erantzunaren zain jarraitzen dutela azpimarratu du. Eta izendapen horrek Etxebizitza Larrialdi Plan baten barruan hainbat baliabide aktibatzeko aukera emango du.
Bestetik, udala modu aktiboan aritu da azken urteetan etxebizitza publikoa eraikitzeko aukerak maximizatu nahian. Batetik, Hondarribiko Udalak bizitoki udal-parkea osatzen joateko 4 etxebizitza erosi dituela gogoratu du Enparanek. Eta bestetik, bi hitzarmen izenpetu dituztela
Montañenea eta
Madalenako Kuboa promozioetan, udalari babes publikoko etxebizitzak eskuratzeko aukera emango diona.
Zehazki, udal gobernuak berriz negoziatutako 84 etxebizitzak ahalbidetuko dituen hitzarmena izenpetu zuen 2025eko ekainean Residencial Montañenea sustatzailearekin. Eta adostutakoaren arabera, Hondarribiko Udalak 25 eta 32 etxebizitza publiko artean jasoko ditu. Aurretik, iazko apirilean Jabier Ugarte kaleko Madalenako Kuboaren promozioan 34 pribatu egingo ziren lekuan, 36 pribatu eraikitzea adostu zuten, horren truke alokairu sozialera bideratuko dituzten eta eraikiak dauden 30 lortu dituzte udalak kudeatzeko Labrederren konpentsazio gisa.