Palestinar herriaren aldeko aldarri nekaezina erakutsi dute Irunen azken bost hilabetetan. Landetxa auzoko dozenaka bizilagun egunero mobilizatu dira 20:00etan, astelehenetik ostiralera. Eta auzokoen artean arrakasta handiagoa lortu badu Irunen oihartzuna baino, abuztu erditsutik egun askotan 60-80 lagun artean elkartzea lortu dute. Auzoaren sarreran, Porcelanaseko biribilgunearen autobus geltokian hitzordu finkoa dute, burrunba egin eta jendarteak Israelgo estatu sionistak eragindako genozidioaz kontzientzia har dezan.
Bost hilabete ondotik, berriz, Palestinaren aldeko urteko azken kazerolada egin zuten atzo abenduaren 30ean. Izan ere, abuztutik lan egun guziz mobilizatu eta gero, atseden txiki bat hartzeko erabakia hartu dute. Hala ere, ekimenaren sustatzaileek argitu dutenez, urtarrilaren 7an, asteazkenean, itzuliko dira astebeteko etenaldia egin ondoren.
Genozidioak dirau
Alde horretatik, joan den abenduaren 19an Irun Palestinarekin elkartasun taldeak 'Genozidioak dirau' Zabaltza plazan egindako elkarretaratzean 100 lagun inguru bildu ziren. Ordu erdi eman zuten bertan Israelek azken bi urteetan eraildako 14.000 haur palestinarren zerrendaren parte txiki bat ozen zerrendatuz. Aste berean, Larreaundi-Olaberria auzo elkarteak antolatutako Palestinaren eta bakearen aldeko horma-irudia margotu zuten Berio kalean auzolanean ere.
Abenduaren 19an Irungo Zabaltza plazan Irun Palestinarekin elkartasun taldeak egindako azken ekintza.
Izan ere, Bidasoaldean palestinar herriaren aldeko aldarriak erakusle anitz izan ditu Gazako genozidioa salatzeko, eta Israeli boikot egiteko deialdia zabaltzeko. Era berean, joan den irailaren 10ean Tuteran hasi eta irailaren 20an Hendaian itsasoratu zen Ibaitik Itsasora Martxaren elkartasun olatuak ere, Gazako genozidioa geldiaraztea exijitzearekin batera, Israelekin harremanak dituzten tokian tokiko enpresa eta administrazioak salatu zituzten ibilbidean zehar, herriz herri, haien «konplizitatea azaleratuz». Gure eskualdean 500 lagun inguru elkarretaratu ziren Irungo CAF lantegiaren aurrean, eta Hendaiako Carrefour saltokian ere azken etapan.
Baina asmo handiko mobilizazioez harago, joan den abuztuan Hondarribiko Etxara eta Emeki elkarteek norbere etxeko balkoitik lapiko-jotzeak egiteko deialdia luzatu zutenetik, Hondarribian hainbat lagun dira asteazkenero San Pedro kalean elkartzen direnak burrunba egiteko. Eta deialdi eta eredu horri jarraituz hasi ziren Irungo Landetxako bizilagunak ere. Irunen, aldiz, deialdia ez da gerora orokortu, baina Landetxan ondo errotu egin da.
Ekimenaren hazia jarri zuen bizilagunetako batek kontatu digunez, auzo elkarteen federazioarekin harremanetan sartu ziren, baina mementoz ez da beste auzorik hirian Palestinako genozidioa salatzeko modu berean antolatu. Agintarien partetik, aldiz, tokian tokikoetatik hasi eta Europaraino, «hoztasun handiz» jokatzen ari direla salatzen dute Landetxako auzokideek.
Landetxako bizilagunek bost hilabete egin dituzte, lan egun orotan 20:00etan mobilizatzen.
Auzoan bertan, argitu dutenez «biltzen den jende gehiena adinekoa da», eta beraz, deialdia luzatu dute, auzoko elgarretaratzeekin jarraitzeko asmoa dutelako 2026an ere. «Bilobak eta seme-alabak ditugu denok, eta sekulako tristuraz ikusten dugu Gazan haurrak erailtzen eta gosez akatzen dituztela ikusteak», dio ekimenaren sustatzaileetako batek, «tamalez, zer nolako baloreak ditu jendeak, bi urte eta gero normalizatu egin duela gizarteak gertatzen ari dena, nola da posible inork deus ez egitea?», gaineratu du, mobilizatu ezean isiltasuna konplize dela gogoratuz.
Hain justu, su-etenaren hitzarmena sinatu zutenetik 500 palestinar erail dituztela gogoratu zuen abenduaren 19ko Zabaltza plazako mobilizazioan Irun Palestinarekin elkartasun taldeak, beraz, genozidioak dirau, eta agintariek oinarrizko giza eskubideak erdigunean jarriko ez dituzten bitartean, herriak mobilizatzen jarraituko du.