Urtea bukatuko dugun honetan, azken hamabi hilabeteetan antxetamedia.eus webgunean gehien entzun eta irakurri dituzuen albisteak bildu ditugu. Hondarribiko alardea izan da zalantzarik gabe gai entzutetsuena, gehien bisitaturiko orria abuztuaren 19an argitaratu genuen “Historian aurreneko aldiz konpainia gisa desfilatuko du Jaizkibelek irailaren 8an” albistea izan delarik.
Bertan, Jaizkibel Konpainiak historian lehen aldiz konpainia gisa desfilatuko zuela jakinarazi genuen primizian. Orri ikusienetan dira modu berean maiatzean Igor Enparan Hondarribiko alkatearekin egin genuen Konponbidea Eraiki solasaldiaren bideoa, baita azken hilabetean bereziki entzutetsuak izan diren Alardeaz Blagan podcastak ere.
Interesik handiena Hondarribiko alardeak piztu badu, egunerokoan aktualitateak hartu du garrantzia. Hala, martxoaren 6ko goizaldean frantses poliziak Hendaia, Urruña eta Baionan U14 kolektiboaren aurka egin zuen operazioak, otsaila erdialdean Irungo Euskal Jira elkarteak egin zuen alarma deiak edo martxoaren 26an, Korrika irundik abiatu eta bi astera, migranteen babesean ari diren kolektiboek egindako adierazpenak sortu du ere zuen interesa aurten. Oroitu, Korrikak Irundik Hendaiarako bidea hartu zuenean 36 etorkini muga segurtasunez pasatzea eta Baionarako bidea hartzea ahalbidetu zietela hainbat militantek, eta hain zuzen ere urtarrilaren 28an epaituko dituztela haietako hainbat; urtarrilaren 26an manifestaldia deitu dute J’Accuse lelopean Irundik Hendaiara.
2024. urtea albiste zail eta entzutetsu batekin hasi genuen, Hendaiako Eglantins futbol taldeko entrenatzaile eta Herriko Etxeko animatzaile zen gazte bat haur bat abusatzeagatik kondenatu zutela zabaldu baikenuen esklusiban Antxeta Irratian. Abusuak Frantziako Vendée eskualdean egin zituen entrenatzaileak bi urte lehenago, eta kondenaren berri izatean Hendaian lan egiteari utzi zion Herriko Etxeak gerora jakinarazi zuenez.
Arrakasta handia izan dute bestalde Altxa Burua edo Gotti Burua dinamikaren inguruko berriek ere. Udaberrian hasi ziren Hondarribian hainbat guraso antolatzen, haien haur eta nerabeei telefono mugikorrak beranduago emateko asmoz, eta herri ttikia den heinean saltoki eta ostalariekin elkarlanean, haien telefonoak karrikan dabiltzan haurrek erabili ahal izan ditzaten. Azken hilabeteetan Irunen ere ari dira ildo beretik lanean, eta gai honi loturiko elkarrizketa eta albisteek oihartzun nabarmena izan dute antxetamedia.eus webgunean.
Egunerokotasunean murgildurik bai, baina arnas luzeagoko gaiak eskaintzen ahalegindu gara 2024 honetan ere Antxeta Irratian, eta zuek ere, entzule eta irakurle, horiei adi ibili zarete. Bihar hasiko den urte berrian ere hala ibiliko gara, soinuak, testuak eta bideoak uhinetan, webgunean eta sare sozialetan uztartuz. Nola ez, euskaraz, euskaratik eta hurbileko ikuspegiarekin.