Txinzerreko zuzendariak «akordiorako aukera zapuztu» duela salatu du ELAk

Koldo Nausia 2026ko ekainaren 26a

Grebalariek azken aurreakordioa sinatzera zihoazen atzo, baina Leire Zubitur zuzendariak hitzez adostutakoa erretiratu egin du idatzizko proposamenean. «Negoziatzeko jokabide maltzurra eta gaiztoa» kontsideratzen du ELA sindikatuak, eta 170 greba egun ondoren «gatazka alferrik luzatzea» leporatzen diote zuzendaritzari. Langileei fede-ekintza bat eskatzea «onartezina» dela diote, eta «konfiantza guztiz apurtuta» ardura politikoak dituzten Irungo eta Hondarribiko alkateak interpelatu dituzte enegarren aldiz. Plantillak «printzipio sinple baina ukiezin baten alde borrokan» jarraituko duela hitzeman dute, hau da, «gaixotzea ez dela inoiz zigor ekonomiko bihurtu behar».

Txingudiko Zerbitzuetako ur saneamenduko plantillaren erdia greban jarraitzera behartuta dagoela aditzera eman du sindikatuak, zuzendaritzak ganoraz gatazka zabalik mantentzen baitu San Martzial bezperan. 170 greba egun baino gehiago daramatzate greban, baina atzo akordioa izenpetzera zihoazenean, enpresa publikoak hartutako azken erabakiak gatazka abiapuntura eraman du berriz. 

Joan den otsailaren 4an bildu ziren zuzendaritzarekin aurreneko aldiz, 2025eko ekainaz geroztik. Otsailaren 10ean greba mugagabera jo zuten, baina maiatzaren 5era bitartean Leire Zubitur gerenteak proposatutako bilera egutegia bete zuten. Hau amaitu zutenean, zuzendaritzak aurreakordio proposamen bat helarazi zien langile grebalariei. Egutegi hartan bilera batetik bestera epeak gehiegi luzatzea eta «grebalarien nekea eta higadura» bilatzea leporatu izan zioten zuzendaritzari. Eta benetako negoziazio baten faltan, apirilean bertan, greba sine die luzatzeko arriskuaz ohartarazi zuten grebalariek. 

Gatazka desblokeatzeko ezinbesteko baldintza

Hala ere, ELA sindikatuak ontzat eman zuen maiatzean jasotako eskaintza, baina aldi baterako ezintasun-egoeran (ABE) dauden langileek gainerako langileen ordainsari bera jasoko zutela bermatzeko klausula gehitzea exijitu zuen. Hiru aste luze behar izan zituen zuzendaritzak erantzuteko, eta klausula beteko zuten gaixotasun bajak onartzeko, medikuen agiriaz gain, mutuaren galbahetik pasa eta, ondoren, zuzendariak berak eritasuna aski larria ote zen erabakitzeko eskumena izango zuela aditzera eman zitzaien. 

Horren ondotik, grebalariek mobilizazioak indartu egin zituzten ekainaren erditsuan, Irunen eta Hondarribian autokarabanak eginez, eta Irungo udaletxea (ekainak 15) zein Txingudiko Zerbitzuetako Junkal kaleko Arreta Bulegoa (ekainak 17) okupatuz. Cristina Laborda Irungo alkatea interpelatu zuten esku har zezan, eta bazirudien azkenik akordioa itxiko zutela. Izan ere, joan den ostiralean (ekainak 19), enpresak akordioa eragozten zuen oztopo nagusia konpontzen zuen proposamena aurkeztu zien: gaixorik dauden langileek gainerako langileen ordainsari bera jasoko zutela bermatzea, hain justu. «Baldintza hori ezinbestekoa zen azken bi hilabeteotan grebari amaiera emateko», dio Alaitz Egiazabal ELA sindikatuko greba komiteko ordezkariak.

Zuzendaritzarekin konfiantza guztiz apurtuta

Baina hitzez akordioa adostu ondoren, azken mementuan, idatziz eman eta sinatu beharreko dokumentuan klausula hori kendu egin duela leporatu diote Leire Zubitur gerenteari.  Egiazabalek salatu duenez, «mahaigainean jarri zigun akordioa erretiratu egin du, guk sinatzera gindoazenean, hau ez da negoziatzeko modua, jokabide maltzurra eta gaiztoa kontsideratzen dugu, eta jendea oso haserre dago».

ELAren ustez, «onartezina da akordiorako itxaropena sortzea eta azken unean hura posible egiten zuen konpromisoa kentzea». Jokabide horrek helburu bakarra duela pentsatzen dute, 170 egun baino gehiago daramatzan «gatazka alferrik luzatzea eta enpresak berak gero eta gehiago hondatzen ari den lan-harremana okertzen jarraitzea». Alde horretatik, orain arte ahulduta zeuden konfiantzak guztiz hautsi egin direla azpimarratu dute grebalariek. «Ezin digute inolaz ere eskatu gauzak hitzez adostea eta onartzea, zuzendaritza honekin ezinezkoa da, zeren idatzita dagoena ere atzera botatzeko lotsarik ez dute», ohartarazi du Alaitz Egiazabalek Antxeta Irratian.

Agintari politikoen ardura

Horren aurrean, ardura politikoa dutenei arduraz joka dezatela eskatu die. «Sei hilabete greban ez da txorakeria, eta zuzendaritza honen arduragabekeriagatik daramatzagu sei hilabete, beraz, San Martzial lasaiak nahi badituzte agintariei eskatzen diegu zuzendariari atentzioa deitzeko, eta jar dezatela mahaigainean jarri beharrekoa grebarekin amaitzeko», azaldu du ELAko ordezkariak. 

Plantillak «printzipio sinple baina ukiezin baten alde borrokan» jarraituko duela aditzera eman du Egiazabalek, hau da, «gaixotzea ez dela inoiz zigor ekonomiko bihurtu behar». Bistan denez, Txinzer enpresa publikoak eskubide hori idatziz eta berme guztiekin jasotzen ez duen bitartean, gatazkak zabalik jarraituko du.