182 greba egun behar izan dituzte Txingudiko Zerbitzuetako ur saneamenduko 35 langilek Txinzerreko zuzendaritza eta Irungo zein Hondarribiko udal agintariek amore ematen ikusteko. Baina bihar, 2026ko uztailaren 9an, lanera itzuliko dira. Eta plantilla osatzen duten gainerako 47 lankideek ere lan hitzarmen berriaren hobekuntzak eskertuko dituzte hemendik aurrera. Izan ere, ez dute grebarekin bat egin sei hilabeteotan, baina lan hitzarmen berria plantilla osoarentzat borrokatu dute grebalariek, eta Txingudiko Zerbitzuak enpresa publikoko ur hornidura zerbitzuko langileek eguneroko lan baldintzetan ez ezik, ordainsarietan ere nabarituko dute.
Oraindik ere lan baimen eta lizentziak, asteroko lanorduen mugak edota soldataren KPIaren eguneraketa lan hitzarmenetik kanpo utzi behar izan dituzte. Baina Udalitzen negoziazioan borrokatuko dira horiek. Gainerakoan, akitu arte borrokatu dutenaren gehiengoa lortu dute akordioan. Izan ere, hasiera batean Txingudiko Zerbitzuak enpresa publikoak planteatutako neurriek %2 inguruko hobekuntza baino ez zuten ekartzen. Eta 2025etik luzatu den lan gatazkaren akordioak, ur saneamendu zerbitzuko 82 langileentzako %4,29ko soldata igoera suposatuko du abuztu honetatik aurrera.
Hobekuntza nabarmenak plantilla osoarentzat
Baina 2029ko abendura bitartean indarrean egongo den lan hitzarmen berriak aurreikusten dituen beste hobekuntzak nabariak direla azpimarratu du ELAk. Alde horretatik, «orain arte gaizki ordainduta edo ordaindu gabe zeuden hainbat osagarri arautu dira, txandakako lanaren plusak, amiantoarekin lan egitea edota guardiak», argitu dute. Era berean, lanpostuen balorazioa adostu da, eta horren ondorioz, langileek batez bestean %10eko soldata igoera jasoko dute. Eta lan gatazka azken bi hilabeteetan blokeatzera eraman zuen artikuloa ere aintzat hartu dute azkenik akordioan. Hain justu, gaixotasun egoeran dauden langileek soldatan galerarik izan ez dezatela. Bestalde, lanaren barne antolaketa hobetzeko hainbat batzorde eratzea adostu dute zuzendaritzarekin.
«Hasieran ezinezkotzat eta legez kontrakotzat jotzen ziren neurriak adostu ditugu», aldarrikatu du Alaitz Eguiazabalek, greba komiteko ELAko ordezkariak, gaur Irungo San Juan plazan egindako agerraldian. Donostiako PRECOtik zetorren lan hitzarmena sinatzetik, eta malgutasunez jokatu eta hainbat aldarrikapen eta neurri albo batera utzi behar izan dituztela ikusita, langileek «garaipen gazi-gozoa» dela aitortzen duten bitartean, ELAren ustez akordio honek «mugarri bat ezartzen du Txingudiko Zerbitzuetako langileen lan baldintzen hobekuntzan». Baita gainerako enpresa publikoetako langileentzat aurrekaria markatu ere.
Horrenbestez, Txingudiko Zerbitzuetako langileen lan baldintzak Irungo Udaleko langileek dituztenekin parekatzea lortu baitute. Eta beraz, beste sozietate publikoetako langile kolektiboentzat eredugarria izan daiteke. «Langileen arteko kohesioa, negoziazio kolektiboa, erresistentzia kutxaren babesa eta greba lan baldintzak hobetzeko eta negoziazioak desblokeatzeko tresna eraginkorra dela erakutsi dugu», azpimarratu du Alaitz Eguiazabalek.
Hemendik aurrerakoa