Biteriko Presa I etxebizitza eskuratzeko onartutako eskaeren zerrenda plazaratu berri du Etxebidek. Guztira 685 eskaera onartu dituzten bitartean, 211 atzera bota dituzte. Aditzera eman dutenez, Hondarribiko errolda eta diru-sarreren baldintzak araudiak ezartzen duen moduan ez egiaztatzeagatik ezeztatu dituzte gehienak. 2024ko diru-sarrerak kontuan hartu ditu Eusko Jaurlaritzak, gutxienez 9.000 eta gehienez ere 46.463,29 eurokoak. Hondarribian gutxienez urtebeteko errolda edo azken 10 urteetan bost urtez herrian bizi izana egiaztatu behar zen ere. Etxebideren erabakiarekin ados ez daudenek, urriaren 16ra arte izango dute haien errekurtsoa aurkezteko.
Gogoratu beharra dago, Visesak sustatutako babes ofizialeko etxebizitzen sustapen honetan 66 alokairu publikoko bizitoki eraiki dituztela. Baina Visesak eta Alokabidek egindako eskaerari erantzunez, horietatik 24 Muliateko hezetasun arazoengatik kaltetutako bizilagunei bideratuko zaizkiela konponketa lanak amaitu bitartean alternatiba gisa.
Izan ere, Euskal Herrian egurrezko estrukturarekin eraikitako "energia kontsumo urriko" aurreneko etxebizitza hauek erreferente bilakatu ziren 2016an, Visesak berak eraiki zituenean. Baina Tximista kaleko 16. eta 18. zenbakietan eta Kandido Saseta plazako 1. eta 2. zenbakietan dauden eraikinetako gune batzuetan hezetasunak antzeman ondoren, arazoa konpontzeko lanak bertan bizitzearekin bateragarriak ez zirela erabaki zuten. Beraz, kaltetutako familiei alternatibak bilatu dizkiete. Bere eskumena ez bada ere, 2025ean Hondarribiko Udalak aukeran zeuzkan baliabideak jarri zituen etxetik atera behar izan zituzten lau familia hauen eskura, etxebizitza eta haien etxeko puskak husteko biltegia eskainiz.
Hortaz, Presa I eremuan bilatu diete alternatiba habitazionala hunkitutako gainerako familiei. Momentuz, beraz, 42 etxebizitza izango dira alokairu sozialera bideratuko dituztenak, eta aurrerago banatuko dituzte besteak libratu ahala. Aipatutako etxebizitzetatik 29 bi logelakoak dira (64-66 metro koadro artekoak), 10 etxebizitza hiru logelakoak (85-90 metro koadrokoak), eta beste hiru mugikortasun arazoak edo urritasunen bat duten pertsonentzako bi logelako 90 metro koadrokoak.
Urtetan luzatutako proiektua
Eusko Jaurlaritza, VISESA eta Hondarribiko Udalaren lehen hitzarmena 2018koa izanik, nahi baino beranduago garatutako proiektua da Presa I etxebizitza publikoena. 2021eko abenduan garaiko alkate zen Txomin Sagarzazuk iragarri zuen jada, 2024 urterako eginak egongo zirela. Gerora ordea, 2024ko urtarrilean hasi zituzten eraikuntza lanak, eta 13 milioi euroko inbertsioa eskatu du.
Hasiera batean, 2018ko azaraoren 14an izenpetutako hitzarmenak jasotzen zituen 117 etxebizitzak egin beharrean, azkenean 66 dira, denak alokairu sozialera bideratuko dituztenak. Eta proiektuak lurpeko hiru solairuko aparkaleku bat aurreikusi zuen bitartean, azkenean, soto azpiko solairu bakarra egin dute, eta 66 bizilagun berrien aparkaleku beharra asetzeko, 55 plazako azaleko aparkalekua egin dute errepide nagusiaren aldera. Honakoa iada erabilgarri dago uztailaren 16az geroztik.