Garoa Lekuonak errepikatuko du EH Bilduren alkategai gisa Hondarribian

Antxeta Irratia

EH Bilduren Hondarribiko Mahai Politikoak Garoa Lekuona Izeta proposatu du 2027ko maiatzaren 23an egingo diren foru hauteskundeetan Hondarribiko alkategai. Bertako eragileekin egiten ari den lan handia azpimarratu dute, eta herritarren behar eta kezkei erantzuteko «urteotan erakutsi duen konpromisoagatik Hondarribian hori gidatzeko pertsona egokiena» Garoa Lekuona dela iritzi dute koalizio subiranistan.

Orain artean «EH Bilduren proiektuan egin duen ekarpenagatik» hautagai gisa errepikatzea erabaki dutela aditzera eman dute. 2023. urteko udal hauteskundeetan Lekuona zerrendaburu zela, talde subiranistak babes zabala izan zuela gogoratu dute. Hauteskunde horietan 979 (%11,86) herritarren bozka jaso zuen EH Bilduk, eta ondoren Abotsanitzekin batera udal gobernu koalizioa osatzea erabaki zuten. Handik urtebetera egin ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EH Bildu Hondarribiko bigarren indarra izan zela nabarmendu dute, «Hondarribian ezkerreko subiranismoaren goranzko joera finkatuz».

Garoa Lekuona Hondarribiko udal gobernuaren kide da egun, eta bere eskutik agintaldi honetan proiektu ugari garatu direla azpimarratu du EH Bilduk. Batetik, onarpen prozesuan dagoen Hirigintza Antolamendu Plan Orokorrean (HAPO) Zubietako Parke Teknologikoa lehen sektorean oinarritutako gunea izatea, edota Tudelenea-Botika gunea etxebizitzak eraikitzeko lehen eremu izatetik azken gune izatera pasatzea. 

Etxebizitza politikan ere, eraikita dauden etxebizitzetan begirada jartzea defendatu du politika publikoak burutzeko garaian, edota inor erroldatu gabe dauden etxebizitzetan %100eko errekargua aplikatzea onartu da EH Bilduk proposatuta.

Bestalde, herri mailan euskarari lehentasunezko tratamendua emateko saretze lanketa sakona eraman du Euskara Saileko hautetsi gisa. Euskara Mahaia eratu eta eragile ezberdinak elkarlanean jartzearekin batera, euskararen erabilera sustatzeko Ekintza Plana garatzen ari da Hondarribiko Udala. Honi lotuta, hainbat ekimen antolatu dituzte agintaldi honetan, Euskal Azoka birformulatu dute, Bordari-Satarka literatur lehiaketa indartu da, Euskaraoke Herrikoia antolatu dute, eta asteburu honetan, adibidez, Gau Beltza euskal tradizioan oinarrituta berreskuratzeko herri mailako lehen ekimena antolatu dute. Hortaz gain, Hondarribia UEMAko kide izendatu eta, azken udalbatzan Esnatu dinamikarekin bat egitearekin, hainbat konpromiso hartu dituzte euskararen normalizazioa bultzatzeko. 

Era berean, Ingurumeneko zinegotzi gisa, Jaizkibel mendia babesteko eta ekosistemak lehengoratzeko hainbat neurri garatu ditu legealdi honetan. Baserritar, lur-jabe, ehiztari eta ekologisten iritziak jaso ondoren, 2025ean Jaizkibelgo mendi eta baso-bideetan ibilgailu motordunak arautzeko udal ordenantza garatu zuen, "Zaindu Dezagun Jaizkibel" lelopean, mendian ugaritu egin diren desmasiak kontrolatzeko neurriak hartuz. Hortaz gain, Zuhaitz Egunaren ekimena indartu eta 30 urteko ibilbidean zehar egindako landaketen informazioa digitalizatu egin dute, eta pinudi eta espezie exotikoen ezabatzearekin batera, bertako zuhaitzen landaketa planarekin mendi-ekosistema lehengoratzeko lanak bultzatu ditu udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Hortaz gain, sute-arriskuak prebenitzeko neurriak hartu dituzte, hilabete honetan bertan hasi dituzten mendiko erdiko pistan suebaki osagarriak egiteko esku-hartuz, adibidez.  

Lekuonak bertako eragileekin egiten ari den lan handia azpimarratu du EH Bilduk, eta hori «ezinbestekoa» dela diote. Herritarren behar eta kezkei erantzuteko proiektua da EH Bildurena, eta «urteotan erakutsi duen konpromisoagatik Hondarribian hori gidatzeko pertsona egokiena» Garoa Lekuona dela iritzi dute koalizio subiranistako Mahai Politikoan.