UEMAren estrategia berriaren konpromisoak bereak egin ditu Hondarribiko herriak euskara 'Esnatu' nahian

Antxeta Irratia

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) joan den apirilean aurkeztu zuen ESNATU dinamikarekin bat egitea erabaki du Hondarribiko Udalak. Horren arabera, euskararen erabilera herrian sustatzeko hainbat konpromiso hartu ditu. Kontratazio publiko guztietan hizkuntza baldintzak ezartzea, haur eta gazteen aisialdia euskara hutsean programatzea, edota herrira etorri berriak diren pertsonak euskarara erakartzeko bitartekoak areagotzea, besteak beste.

Hondarribiko Udalak UEMAren ekimenez aurkeztutako ESNATU dinamikaren bat egitea erabaki du. Aho batez onartu zuten urriaren 28ko udalbatzan. 

Arnasgune eta hizkuntza erabileraren adierazle soziolinguistiko guztiek behera egin dute. Hurrengo hamarkadan arnasgune moduan ezagututako eremuak desagertuko direla ziurtatzen dute azken aldian egindako ikerketa soziolinguistikoen datuek. Eremu euskaldunenetan ere euskarak atzera egingo duela, hain zuzen ere. Honi erantzun azkar bat emateko asmoz, UEMA lanean jarri da dagoeneko 2026 honetan. Otsailean Lurralde Estrategia aurkeztu zuen eta apirilean berriz, Esnatu dinamika. Azken honekin eragileak ahaldundu eta eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten haien konpromisoak sustatzea da helburu nagusia.

Eskualdez eskualde aurkeztu dute ESNATU dinamika. Bortzirietan, Lesaka, Bera, Etxalar, Igantzi eta Arantzako herriek mozio bidez onartu dute dinamikaren parte izatea. Han Ernatu gisa, hitzaldi eta kultur programazio oso batekin aurkeztu zuten irailean. Eta Arantzako herria berezko arnasgunea dela identifikatzeko "Arantza arnasgune" dion kartela jarri dute. 

Hondarribia arnasgune izatetik urrun aurkitzen da gaur egun. Baina 2023ko azaroaren 28ko udalbatzan Hondarribiko Udalak UEMAn sartzea onartu, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean 104. udalerria bilakatu zen. Eta kide den heinean, haien laguntzari esker, hainbat urrats eman dituzte euskararen erabilera herrian bultzatzeko. Izan ere, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eskaintzen dituen baliabideei esker, Hondarribiko udaltzainek zerbitzua euskaraz eman dezaten formakuntza jaso dute aurten. Gainerako udal langile eta teknikariak ere 2024an hasi ziren haiei egokitutako formakuntzak. Era berean, gazteentzako UEMA sareko udalekuetan parte hartzeko aukera izan dute herriko gazteek. Eta Hondarribiko ostalaritzaren paisaia linguistikoa euskalduntzeko ere, hainbat baliabide eskaini dituzte.

Ildo beretik, Esnatu estrategia berriarekin bat egin du udalak orain, eta euskararen erabilera normalizatzeko bidean, hainbat neurri hartzeko konpromisoa hartu du. Igor Enparan alkateak azaldu duenez, kontratazio publiko guztietan hizkuntza baldintzak ezartzea, haur eta gazteen aisialdia euskara hutsean programatzea, edota herrira etorri berriak diren pertsonak euskarara erakartzeko bitartekoak areagotzeko konpromisoa hartu du, besteak beste.