euskara

Josu Iguiñiz: «Udalak euskarari eman dion tratuagatik haserre dauden eragileekin elkarlanean aritu naiz eta galdutako konfiantza berreskuratzen ari gara»

Koldo Nausia 2025eko urriaren 3a

Otsailean Euskara zinegotzi kargua hartu zuenean «ez ziren memento goxoak» izan, abenduan Aski Da! kolektiboa sortu zelako Irunen. Baina Josu Iguiñiz jeltzaleak dioenez, «udalak orain euskararekiko beste jarrera duela aditzera ematen» saiatu da, eta «elkarrizketari bide emanez» eragileen 28 ekarpen txertatu dituzte urrian onartuko den AROA 2025-2029 Euskara Plan Estrategikoa aberasteko. «Esan didate asko egin nahian nabilela, baina ditudan bi urte hauek probestu nahi ditut euskarari bultzada emateko», argitu du. 

 

Irunen euskararen ezagutza %41ekoa bada ere, 2016 urtean egindako inkesta soziolinguistikoaren datua da honakoa. Eta garai hartan benetako eguneroko erabilera %8 ingurukoa besterik ez bazen, atzera begira baino, eta egungo errealitatea dena delakoa ere, egoera hobetzeko beharra dagoela sinetsita dago Josu Iguiñiz (EAJ) Euskara zinegotzia. Joan den urtarrilaren 29an PSE-EAJ gobernu koalizio akordioa aurkeztu ondoren, otsailean ardura «ilusio handiz eta gogobetez» hartu zuela dio hautetsi jeltzaleak, eta euskararen egoera Irunen hobetzearren urratsak egiteko erronka onartuta, pozik azaldu da Antxeta Irratian azken hilabeteetan aurrera eramandako lanarekin.

Irundarra dela eta euskalduna dio, eta egoera ondo ezagutzen zuela aurretik, beraz, euskara bidegurutze batean aurkitzen denik ez du ukatzen. Are gehiago, karguaz arduratu eta udal arloaren barrenak aztertu ondoren euskarari buruz zituen kezkak baieztatuta, «asko egiteko» dagoela aitortzen du, baina agintaldi hau agortu bitartean, «gauzak hobetzeko oinarri sendoak jartzeko asmoa eta nahia» adierazi du.

Alde horretatik, Irungo Udaleko Euskara Zerbitzuak urtero antolatzen dituen euskararen erabilera bultzatzeko programak indartu nahi ditu, «aurrekontuek ahalbidetzen badute». Baina emaitza baikorrak ematen dituzten Udagiro, Familia Ola, Haurrak Parkean, Barra-Barra edo Solas Jolas bezalako programak mantentzeaz gain, doako Zinema Euskaraz eta Euskararen Egunarekin antolatu ohi den programazioa, abenduaren 3ko astera mugatu beharrean, urritik abendura zabaltzea erabaki dute aurten.

Eragileekin elkarlana

Hau euskalgintzatik urtetan egindako aldarrikapenetako bat izan da. Eta zinegotzi berriak «entzuteko eta modu eraikigarrian» aritzeko prestutasuna erakutsiko badu, argi du «egiteko dagoen lana eragileekin batera egin beharra dagoela». Hala ere, hasierako urratsak ez dira xamurrak izan. «Erantzukizuna ez nuen memento goxoan hartu, hilabete gutxi lehenago Aski Da! plataforma sortu zen Irunen, azken urtetan udalak euskarari eman dion tratuarengatik haserre, eta ni otsailean iritsi nintzen», gogoratzen du.

Oihartzun handia izan zuen honek, iazko gabonetako argiak pizteko ekitaldia erdara hutsez egin izana salatu baitzuen kolektiboak. Cristina Laborda alkate sozialistak barkamenak eskatu zituen ohar baten bidez, baina «zerbait puntuala» izan zela aditzera eman zuen. Honek, 40 bat auzo, kirol, kultur eta euskalgintzako elkarte batzen dituen Aski Da! Irunen euskaraz bizi nahi dugu! kolektiboaren asaldatzea baretu ez, eta hizkuntza politiketan aldaketak exijitu zizkioten Irungo Udalari, baita bilera eskaera bat luzatu ere. Josu Iguiñiz Euskara zinegotzi sartu berria zela batzartu ziren lehen aldiz otsailaren 12an. «Hainbat elkarte eta plataformako kideekin elkarlanean aritu naiz, eta galdutako konfiantza berreskuratzen ari gara», pentsatzen du zinegotziak.

Izan ere, orduz geroztik, udalak berraktibatu duen Euskara Aholku Batzordeetan parte hartzeaz gain, 2025-2029 AROA Euskara Plan Estrategikoa elkarlanean osatzeko eskatu zuten eragileek. Haatik, plana egina zegoen eta udaberrian onartua izateko prest. Baina, orain, urriko udal osoko bilkurara eramango dute onartzera azkenik, eragileek egindako aldaketa nabarmenekin. Denen nahiak asetzea ezinezkoa dela aitortzen du Josu Iguiñizek, baina parte-hartzea sustatuz eta elkarrizketaren bidez, gauzak hobetu daitezkeelakoan dago. «Guztia bideratzeko aukera izan genuen, eta eragileekin lau bilera egin ondoren 36 ekarpen jaso genituen, guztiak aztertu ziren, eta 28 neurri AROA Plan Estrategikoan txertatu ziren, guztion artean egin dugun plana da, eta oso plan aberatsa dela uste dut», azpimarratzen du. Izan ere, 70 neurri eta ekintza aurreikusten dituen bideorria osatu dute azkenik. 

Zentzu berean, kolektiboak berak uztailean plazaratutako ohar batean eskertu zuen Irungo Udalaren oraingo «jarrera irekiagoa», eta aipatutako prozesuak haien nahiak asetzen ez, baina «Irunen inoiz ireki ez den zirrikitua» zabaldu dela nabarmendu zuen. Udal ordezkariak argitu du, bestalde, elkarlanari jarraipena eman asmoz, hemendik aurrera eragileekin batera Euskara Aholku Batzordea berritzea eta indartzea deliberatu dutela, «euskararekin kezka duten edota eragina izan dezaketen arlo ezberdinetako eragileen inplikazioa» eskatuz. 

Hizkuntza eskubideak jokoan

Hala ere, Josu Iguiñizen ustez eragileen haserrea ulergarria da. «Sartu nintzen mementotik saiatu naiz, udalak orain euskararekiko beste jarrera bat duela aditzera ematen», dio. Izan ere, Irungo Udalak asko hobetzeko duela pentsatzen du, eta Euskara Erabilera Planaren garapenak «herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu guztiak euskaraz ematen zaizkiela bermatzeko, eta gerta ohi diren hizkuntza eskubideen urraketak saihesteko» lagunduko badu, udalak publikoki egiten dituen adierazpen eta agerraldietan «politikariak ere eredugarri behar dute izan» bere ustez. 

Era berean, gazte belaunaldi berrien artean eta herritarren eguneroko aisialdian euskarari eragiteko, Irungo kirol, kultur eta aisialdi elkarteak giltzarri direla pentsatzen du Iguiñizek, eta zentzu horretan, udalak dirulaguntzak ematerako garaian irizpide linguistikoak aplikatzeko aukera aztertzen ari dela azaldu digu. «Lanean gabiltza beste neurri asko aztertzen, diagnosi bat egin dugu, eta oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Euskaldunok gizartea elebiduna izatea nahi badugu, instituzio publikoetatik bultzatuta etorri behar da hori, eta euskara ofiziala baldin bada, gaztelaniak dituen eskubide berdinak dituenez, dirulaguntzak eskatzerakoan ere irizpide minimo batzuk exijitu beharko genituzke, eta horrek eragin handia izan dezake aurrekontuetan, baita euskarari dagokionez ere hirian».

Asmo handiko erronka da Irun euskalduntzea. Baina dagoeneko euskaraz bizi nahi duten irundarren hizkuntz-eskubideak bermatzea ere, ez da gauza txikia. Borondate politikotik harago, «legeak aplikatu eta oinarri sendoak» ezarri behar direlakoan dago zinegotzia. Aldiz, agintaldi erdia besterik ez du horretarako. «Esan didate asko egin nahian nabilela, baina normalean lau urte izaten dituzte beste ordezkariek, eta nik bi urte hauek probestu nahi ditut euskarari bultzada emateko Irunen».