Hondarribian ere 1936ko estatu kolpe faxistari buruz argitzeko pasarteak daudelako hainbat ekitaldi antolatu dituzte urrian

Antxeta Irratia

Urriaren 28an biktimak aitortzeko ekitaldia egingo dute udaletxean, eta Kai Zaharrean Hendaiara erbesteratu behar izan ziren ehunka hondarribiarren memoria berreskuratzeko panel informatiboa jarriko dute urriaren 31n. Aurretik, aste honetan, Koldo Ortega, Pedro Barruso, Jose Ramon Enparan eta Aitzol Arroyo historialariek "1936ko Gerra eta lehen frankismoaren Hondarribiko hildakoen azterketaren" aurkezpena egingo dute urriaren 15ean (19:00) Kultur Etxean. Eta ostiralean, Aitzol Arroyok eta Aitor Azurkik plazaratu berri duten “Euzkadiko borrokalarietako bat naiz” liburua aurkeztuko dute.

90 urte bete ziren irailean Bidasoa eskualdea Espainiako estatu kolpe faxistaren menpe geratu zela. Irunen, irailaren 5ean ekitaldi instituzional batekin gogoratu zuten gertakari historikoa. Eta abendua bitartean antolatutako hitzaldi ziklo batekin, 1936ko abuztu erditsutik Irun hiria 45 egunez sistematikoki bonbardatua izan ondotik faxistek hartu zutenekoaren gertakariak ezagutzeko aukera emango du Irungo Udaleko Memoria Demokratikorako arloak. 

Hendaian, aldiz, ihesean erbestera jo behar izan zuten milaka bidasotarrak omendu zituzten irailean Kaneta Portuan Oroitza elkartearekin batera herriko etxeak antolatutako ekitaldi batekin. Eta atzo bertan estreinatu zuten Gurseko kontzentrazio-esparruari buruzko erakusketa Hendaiako Mediatekan.

Hondarribian ere, egia eta aitortza

Hondarribian, aldiz, aste honetan izango da 1936ko egun haietan gertaturikoa gogoratzeko aukera. Hondarribiko Udalak hainbat hitzordu antolatu ditu 90. urteurrenarekin. Ortzi Alonso Kultura eta Herri Nortasunerako zinegotziak argitu duenez, «udalak konpromiso politikoa eta etikoa berretsi nahi du». Bere ustez, «minak, beldurrak, isiltasunak eta ahanzturak eragin zuzena izan dute belaunaldiz belaunaldi transmititu den memoria kolektiboan». Horregatik, gertaturikoa azaldu eta aitortzeko beharra dago. 

2021 urtean, 85. urteurrenean, Hondarribiko Udalak, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartearen eta herriko zenbait historialarien laguntzarekin, 1936an Hendaiara txalupaz ihes egin behar izan zuten ehunka hondarribiarren omenezko plaka bat ezarri zuten Kai Zaharrean. Baita hitzaldi, bisita eta erakusketa antolatu, eta gerora herrira itzuli ziren Esther Alvarez Olaso “Margari” eta Maria Luixa Etxebeste omendu zituzten orduan, baita Mari Cruz Alkainen semeak ere.

Orain, 90. urteurrenarekin, eta gertakari haiek berandu baino lehen argitara ekarri behar direlakoan, Hondarribiko Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu urrian zehar. Hilaren 28an, biktimak eta haien familiak aitortzeko ekitaldia egingo dute udaletxean. Eta Kai Zaharrean Hondarribiko memoria historikoa berreskuratzeko panel informatiboa jarriko dute urriaren 31n.

Aurretik, aldiz, adituen eskutik 1936ko gertakariak argitara emateko hitzaldia proposatzen dute. Urriaren 15ean, Koldo Ortega, Pedro Barruso, Jose Ramon Enparan eta Aitzol Arroyo historialariek "1936ko Gerra eta lehen frankismoaren Hondarribiko hildakoen azterketa historikoaren aurkezpena" egingo dute Kultur Etxean, 19:00etan.

Bestalde, urriaren 16an, Aitzol Arroyo historialariak eta Aitor Azurki kazetariak plazaratu berri duten “Euzkadiko borrokalarietako bat naiz. Internazionalistak Gipuzkoan, 1936ko Gerran” liburua aurkeztuko dute Kultur Etxean (19:00etan). 1936an faxisten estatu kolpeari buru egiteko Bidasoaldetik sartu ziren lehen internazionalisten historia argitzen duen ikerketa honetan, Nazioarteko Brigaden aurrekariak izan ziren Europa osotik iritsitako 180 boluntario identifikatu dituzte, eta Gipuzkoan, eta bereziki Irungo frontean egun haietan gertaturikoaren errelato historikoa osatu dute, orain arte inoiz arakatu ez ziren artxiboetan bildutako indar handiko testigantza eta dokumentuen bidez.

OHARRA: Albistearen irudia Aitzol Arroyo Tumasek bere artxibotik utzitakoa da.