«Maddalen Gunetik sortutako katebegiak segida izango du FIG Bilbao azokan, Hondarribian arteaz gozatzeko une batean gaudela esan dezakegu»

Azaroaren 26tik 29ra Hondarribiko sortzaileen espedizio artistiko batek bere lanak aurkeztuko ditu FIG Bilbao azokaren XV. edizioan. Bigarren urtez, Maddalen Arte Guneko korronte kulturalaren ingurumarian dabiltzan herriko artistek Hondarribiko arte-diziplina anitzaren aberastasunaren erakusleiho izango dira Euskalduna Jauregian. Hondarribiak bere espazioa izango du nazioarteko galerien eta tailerren artean. Parte hartuko duten sortzaileen zerrenda, Hondarribia Sormen Hiria beka jaso duten Judas Arrieta eta Ane Gomez, eta aurten Maddalen Gunean lan egin duten Itziar Basterretxea, Maider Goikoetxea eta Eugenio Ortizek osatzen dute. Sandra Cuesta Maddalen Guneko komisarioa eta Ortzi Alonso Kultura zinegotziarekin hitz egin dugu.

Hondarribian kultura sormena eta tokiko sortzaileen lana suspertu nahian dabil udala. 2025 urteko martxoan ateak zabaldu zituen Maddalen Arte Garaikiderako espazio berria, eta Hondarribia Sormen Hiria beka dugu horren irudiko. Baita azken hilabeteetan udalak sortu duen herriko kulturgune eta galerien mapa, edota artisten katalogo digitala ere. Ortzi Alonso Kultura zinegotziak gogoratzen duenez, txikitik handira ari dira horretan 2022ko azaroan Aiza Kultur Elkarteak herriko sortzaileen sarea ehuntzeko mahai-ingurua antolatu zuenetik. Ondoren Hondarribiko Udalak hartu zuen lekukoa, eta 30 bat herriko artista eta sortzailerekin bilera batean identifikatutako beharrak asetzeko, urratsak egiten doaz pixkanaka.

Baina herrian bertan ez ezik, bertako artistei kanpora begirako proiekzioa eskaini eta haien ibilbidean ortzi-muga berriak zabaltzeko aukerak bilatu nahian dabiltza ere. Helburu horrekin Judas Arrietak, iaz Maddalen Arte Garaikiderako espazioaren komisario lanetan ari zela, herriko bost artistek osatutako espedizio artistikoa antolatu zuen Euskalduna Jauregian ospatzen zen FIG Bilbao, Grabatu eta Paperean Artearen Nazioarteko Jaialdiaren XIV. edizioan parte hartzeko.

Eta atea jo eta zabalik aurkitu dutenez, bide beretik jarraitzea erabaki du aurten Sandra Cuesta Aizkorbek. Harira proiektuarekin, Maddalen Arte Guneko aurtengo komisarioa da bera, eta iaz artista gisa parte hartu zuen FIG Bilbao azokan. «Iazko esperientzia dugu, eta artistentzako ona da beste iturri batzuetatik edan ahal izatea, baina herriko zenbat sortzaile elkarrekin parte hartu ahal izateak ere gure artean saretzeko balio du», dio. Alde horretatik, barrura begirako erakusleiho bat dela dio Cuestak, «kanpotik ere edaten dugulako, baina gure herrian egiten ari garena erakustera goaz».

XV. FIG Bilbao heldu den azaroaren 26tik 29ra ospatuko da, eta egunotan artistek bertara eramango dituzte obrak prestatu, eta Bilbon espazioa egokitzeko lan handia hartuko dute. Aurtengoan Italia izango da azokaren gonbidatu edo protagonista nagusia, eta bertan, 50 proposamen baino gehiago elkartuko dira, grabatu tailerrak, arte galeriak, argitaletxeak, artista kolektibo ezberdinak, azken batean, sektorearen aniztasunaren eta nazioarte mailako aberastasunaren adierazgarri baita. Eta Hondarribiak bere espazioa izango du bertan.

Hondarribiko artisten ekosistema

Ortzi Alonso Kultura zinegotzia «harrotasunez eta eskertua» hartzen du aukera. Bere ustez, azken urteetan Hondarribiko Udaletik bultzatzen ari diren «dinamikan sakontzen jarraitzeko aukera paregabea» da. Hondarribian artearen ingurumarian sortzen ari den ekosistemak «bere singularitatea» duelakoan dago zinegotzia. Eta FIG Bilbao bezalako nazioarteko espazio kultural batean agerikoa egiten dela pentsatzen du. «Artista bakoitzaren obrak daude hor, baina Maddalen Arte Gunearen bueltan aritutako artistak dira, eta pasa den urtean estatu mailako galeria bateko ordezkaria adibidez, liluratuta zegoen Maddalen proiektuarekin», kontatzen du Ortzi Alonsok, «Hondarribia baino hiri eta administrazio askoz ere handiagoetan ez daukatelako horrelako proiekturik, eta harrituak zeuden dinamikarekin».

Iaz egin zuten urratsa, Aiert Alonso, Julia Lasa, Naiara Goikoetxea, Judas Arrieta eta Sandra Cuestak osatutako espedizioarekin, eta aurten sei izango dira bertan parte hartuko duten herriko artistak. «Hara joatea oso aberasgarria da, gauza arraroetarako Hondarribia eta New York esan ohi da, baina zentzu onean, Hondarribiko artista eta sortzaileen eskutik gozatzeko moduko momentu batean gaudela esango nuke», azpimarratzen du Ortzi Alonsok.

Aurtengo FIG Bilbao azokan parte hartuko duten artisten zerrendan Sandra Cuesta bera dago, baita aurtengo Hondarribia Sormen Hiria beka jaso duten Judas Arrieta eta Ane Gomez ere. Haiekin batera, Itziar Basterretxeak aurten Maddalen Gunean landu eta aurkeztu duen paperezko maskara bildumaren hari beretik lanak eramango ditu Bilbora. Eta Eugenio Ortizek serigrafia lanak aurkeztuko dituen bitartean, Maider Goikoetxeak "Herritik irten gabe" erakusketan aurkeztutako marrazki eta arrantza-harizko kolore eta argi konposizioa lanak eramango ditu. Baita 1998 inguruan sortutako “Heidi” liburutik abiatutako proiektua ere.

Hondarribiko sortzaileen aniztasuna eta arte-diziplinaren aberastasunaren irudikoa izango da FIG Bilbao azokan erakusgarri. Esangabe doa, artistek haien obrak saltzeko helburua ere badutela, baina «ikusi eta ikasi» denek egingo dute ziur.