Euriteengatik alerta laranjan pasa ditugun bi egunotan, Mendeluko bizilagunak ohikoak dituzten uholde-arriskuengatik erne eta kezkatuak ibili diren bitartean, azaroaren 25 honetako Hondarribiko udal osoko bilkuran udalak mahai-gainean duen proiektua geldiarazteko eskatu du oposizioak. EAJ-PNV eta PSE-EE alderdien mozioa ez da onartu. Eta Igor Enparan alkateak eskaera «harriduraz» hartzeaz gain, Hondarribiko Udala Mendelun egoerari aterabide bat bilatzeko aspaldi lanean dabilela gogoratu du.
Izan ere, udalak herri mailako azterketa hidrografikoa enkargatu zuen agintaldi hasiera honetan, eta diagnostiko horren arabera, Letxunborro eta Mendelu errekastoak gainezka egiten duten bakoitzean eman ohi diren uholdeen ondorioak arintzeko proiektu bat mahaigaineratu du. Hain justu, Mendelun esku-hartzeko beharrari erantzun nahian, Hondarribiko Udalak bertan "mota" edo muino bat sortzeko proiektua du, eta 2026ko udal aurrekontuetan dagoeneko 507.000 euro onartu zituen horretarako. Urbanizatua dagoen eremuaren inguruan Josu Langile eta Lauhaizeta etxebizitzak babesteko lurrezko mendixka hori egingo lukete. Eta Mendelu errekastoan desmuntagarriak diren konportak ezarri beharko lituzketela aurreikusita, egin beharreko inbertsioa udala bere gain hartzeko prest dago ere. Baina Igor Enparan alkateak argi utzi du oraindik ere baimenaren esperoan daudela.
Kontuan hartu behar da, Txingudiko plangintza «nahi baino garapen motelagoa» izaten ari den bitartean, klima aldaketaren inpaktua «uste baino okerragoa» dela baieztatu zuela iaz Eusko Jaurlaritzak Plaiaundiko Ekoetxean egindako Txingudiko Plan Zuzentzailearen Jarraipen Batzordean. Hondarribiko Udalak Mendelun uholde-arriskua prebenitzeko neurriak azkartzeko laguntza eskatu zien inplikatutako gainerako administrazioei, EAJ eta PSE agintean dauden erakundeei hain zuzen ere, baina bitartean, udalak berak 2024an eskatutako azterketa hidrografikoaren diagnostikoa jaso zuenetik ari da prebentzio eta egokitzapen lanak egin nahian.
Hondarribiko Udala gainerako administrazioekin aspaldi dabil lanean herriko hainbat eremuk pairatzen duten uholde-arrisku mailari neurria hartu nahian. Alkateak gogoratu du, 2014tik daramala Hondarribiko Udala larrialdi egoerari aterabidea emateko ustez esku-hartu nahian. Eta udalbatzan gogoratu du, orain artean, goragoko erakundeetatik jaso izan dituzten erantzunek ez dutela hau ahalbidetu. Eskaera ezberdinen kronologia ere azaldu du.
Etorkizunari aurre egin beharretan
Hondarribiak itsasoa du alde batetik, baina padura bestetik. Eta Mendelu ez ezik, Kosta, Alameda eta Minasoroeta edota Portua auzoa ere hunkitua izan daiteke etorkizun batean. Baina Mendeluk du neurriak hartzeko premiarik gorriena une honetan. Aipatutako azterketaren diagnostikoan auzo honetan aurreikusitako hiru eszenatokiak ez baitira lasaitua hartzeko modukoak.
Gaur egungo egoera jakina da. Marea bizietan eta euri kopuru handiak batzen direnean Josu Langilearen eremuan dauden etxebizitzek uholdeak pairatzen dituzte, uraren zero kota mailatik behera daudelako. Eta Letxunborro errekastoak gainezka egin ohi du, auzoko baratzeguneak hunkituz.
Baina 2045 eta 2100 urtera begirako aurreikuspenak egin dituzte adituek. Eta horren arabera, Mendeluko zenbait eremutan gaur egun itsas-marea altuenetan metro bateko inundagarritasuna eman daitekeen bitartean, 2045 urterako, aldiz, 1,50 metroko uholdegarritasunaz hitz egiten ari gara, eta 2100 urterako beste bi aukera aurreikusten dituzte, baina edozein kasutan ere, 2 metro arte igo daiteke uraren maila marea bizienetan.