Urte politiko berria mugitua izateko itxura du. Udal hauteskundeak ospatuko dira udaberrian, eta alderdi politikoek agintaldiko azken udal aurrekontuak adostu beharko dituzte datozen hilabeteetan, hauteskunde kanpaina dinamika begiz jota duten bitartean. Irunen PSE-EEk eta EAJ-PNVk bi urte egingo dituzte, agintaldi erdia, gobernu koalizioan. Eta Cristina Laborda alkateak aurreikusten dituen udalgintzaren gidalerro nagusiak irailaren hasieran aurkeztu ondoren, gaur Gorka Alvarez Aranburu jeltzalea gonbidatu dugu Antxeta Irratira.
Irungo Udalean 2023an sartu zen azken udal hauteskundeen ondoren. Eta 2024ko uztailean EAJ-PNV udal taldearen bozeramaile izendatu zuten Xabier Iridoiren lekukoa hartuz. Jeltzaleek 2025eko urtarrilean sozialistekin udal gobernu koalizioa adostu zutenetik, Irungo Udaleko bigarren alkateordea izateaz gain, Obrak, Mantenu eta Azpiegiturak, baita Giza Eskubideak, Memoria Demokratikoa eta Lankidetza arloak kudeatu ditu orain artean. Jeltzaleek, aldiz, Gizarte Zerbitzuak, Euskara, Berdintasuna eta Udaltzaingoa ere kudeatzen dute gaur egun.
Egunerokotasuna kudeatu eta etorkizuna prestatu
Testuinguru horretan, Irungo udal gobernu koalizioaren akordioa «berandu eta sozialistak gutxiengoan zeudelako behartuta» iritsi zela aitortzen du, baina irundarren egunerokoa hobetzeko erronka onartuta, Alvarezek gogoratzen du hiriaren transformaziorako proiektu estrategikoak desblokeatzeko sartu zirela gobernuan. Hartara, IAM pabiloia, Plaiaundiko pistak Txenpereneara lekuz aldatzea, Oinaurreko anbulatorioa, Irungo errepide-sarea hobetzea eta hamarkada luzez atzeratzen joan diren hainbat proiektutan aurrerapausoak eman dituztelakoan dago. Hala ere, «Irun 43 urtez gobernu sozialista ezberdinen menpe egon da, eta uste dut hiriak ez duela aurrera egin, behar zuen bezala».
Alde horretatik, lanean daudela, baina bi urtetan dena ezin dela gauzatu aitortzen du. «Irungo Udala bezalako instituzio batek planifikazioa behar du, eta proiektu estrategiko guztiak denak batera egin nahi ditugu orain, baina kontziente izan behar gara ezinezkoa dela», dio ordezkari jeltzaleak, «etxe baten ekonomian bezala, planifikazioa ezinbestekoa da eta lehentasunak ezarri behar dira». Eta bistan denez, EAJ-PNVk argi ditu zeintzuk diren lehentasun horiek. Hain justu, «atzerapen izugarria duten proiektuak» azpimarratzen du, eta bere ustez, 30 urtez atzeratu den Txenpereneakoa adibide garbiena bada ere, «etxebizitza Irunek duen erronkarik handiena» dela gogoratzen du.
2027an San Migel-Anakan eraikitzen hasiko dituzten 695 etxebizitza publikoei esker, Irunvin alokairu sozialaren eskatzaileen zerrendak arintzen hasiko dira. Baina neurri gehiago hartu behar direla pentsatzen du. IBIaren bitartez, etxebizitza pribatuak alokairura atera daitezen saiakerak egin dituztela gogoratzen du, baina Gune Tenkatua izendatu zutenetik «ez dugu ikusi eragina izan duenik, alokairu eskaintzarik ez dago Irunen, eta dagoena garestia da».
Hala ere, Gorka Alvarezen arabera, udal gobernuan egunerokotasuna kudeatzeko gai direla erakutsi du EAJ-PNVk. Baina aipatutako proiektu handiei dagokienez, gobernukide «sozialisten gobernantza ereduaren noraezarekin» kezkatua azaldu da ordezkari jeltzalea. Baina sozialisten beharretik sortutako koalizioa izanik, bi udal taldeen arteko sintonia ona galdu dutenik ukatzen du. Azken hilabeteetan gogor kritikatu dute elkar sozialista eta jeltzaleek, baina «gobernuan sartu gineneko helburua ez dugu ahaztu, irundarren bizitza hobetzearena», dio bigarren alkateordeak.
Hortaz, udal hauteskunde kanpainaren dinamikan sartu eta norbere proiektua defendatu aurretik, «ahalik eta 2027ko udal aurrekonturik onena» lortzeko elkarlanean jarraituko dutela dio Alvarezek. Dena den, gobernu bazkideekin «bikote bat» osatzen dutela gogoratzen du eta «desmarkatzea sanoa» dela uste dio. «Alderdi ezberdinak gara, lehentasun eta ideologia ezberdinak ditugu, eta edozein taldean gertatzen da, baina egin behar duguna da eseri, adostu eta hiria aurrera eraman perspektiba galdu gabe», azpimarratzen du.
Beldurraren diskurtsoarekin arduratuta
Nolanahi ere, Irun «une erabakigarrian» dagoela dio Gorka Alvarezek. Baina ez zaio oharkabean pasatzen testuinguru politikoa zein den. Orokorra eta tokian tokikoa. Hauteskundeei begira ere, Irunen sortu diren indar politiko berriak, eta kalean zein sare sozialetan eskuin muturraren mezuei gorazarre egin eta zuritzen duten «lengoaiarekin» kezkatua azaldu da. Eta Irungo hirian ere, espresuki segurtasunari buruz hedatzen ari den diskurtsoagatik.
Gogoan hartu behar da, EAJ-PNVk duela Udaltzaingoa eta Segurtasunaren eskumena udalean. Eta udaltzainburua berritzea, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioa indartzea, bideozaintza kamera sarea hobetzea edota udaltzain taldea indartzeko neurriez gain, delitu kopurua apaldu egin dela gogoratzen du. Hala diote datuek, izan jaietan, izan gabonetako dispositiboetan, eta urte osoko txostenen arabera ere. «Ezin gara zenbait diskurtsoengatik kutsatzen utzi, oso baldintzatuta gaude sare sozialengatik, baina gauza bat da gizarte pertzepzioa eta gero datuek diotena, Irunen arazorik gabe bizi eta lan egin daitekeela», argitzen du.
Haatik, berdin pentsatzen ez duten eta Irungo kaleak hartzeko prest dauden mugimenduak sortu dira agintaldi honetan hirian. 2025eko udaberrian Antxeta Irratiak 'auzokide patruilen' atzean islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak egin zituztela salatu zituen arren, Auzo Patruilen mugimendua ez zuen Irungo Udalak gaitzetsi bere garaian. Baina orain kaleko segurtasuna hobetzeko aitzakiapean ere, heldu den urriaren 2an "Irun seguru eta garbia" aldarrikatzeko martxa bat antolatu dute Irungo kaleetan. Eta oraingoan bai, diskurtso arrazistak zuritzen dituzten mugimenduekin kasu eman behar dela dio Gorka Alvarezek. «Beldurra ematen du eta arduratuta nago, bereziki erabiltzen den lengoaiarekin, izan ere, "Irun garbiago bat lortzeko" lelo horrek zer esan nahi du?», galdetzen du, Txingudiko Zerbitzuen lanari lotutako deialdia ez dela oso kontziente. «Gure kaleetan migranteak egotea ez da zikinkeria, eta ikusten ari gara Espainian eta Europan zer nolako mezuak hedatzen ari diren zenbait alderdi politikok, hori nahi dugu ere gure hiriarentzat? Gauzak ez dira horrela konpontzen», dio EAJ-PNVko ordezkariak.
Hala ere, bere ustez, «bihotz oneko irundar asko joango da mobilizaziora, martxa horren atzean dagoen guztiarekin bat egiten ez duena, horregatik herritarrei eskatu nahi diet kontu handiz ibiltzeko zer mezu eta zer deialdiri kasu egiten dioten».
Bestalde, Memoria Demokratikoko zinegotzia da ere, eta estatu kolpe faxistaren 90. urteurreneko ekitaldia ospatu berri dutela, memoria historikoan sakontzea, eta belaunaldi berriei transmisioa egitea ezinbestekoa dela uste du, historiaren orrialde ilunenak errepika ez daitezen. «Gizarte bezala gehiago landu behar dugula uste dut, Irun faxisten eskutan erori izana gogoratzen ari gara orain, baina ikusten ari gara garai bateko gauzak bueltatzen ari direla», ohartarazten du, eta bere ustez bereziki gazteentzat interesgarria da «ikus dezaten zer ondorio dituzten gure gizartean horrelako mezuek, gure arbasoek 1936an Gudu Zibil batean ikusi zuten euren burua murgilduta, eta Europa mailan ere II. Mundu Gerra horrelako mezuekin eta horrelako mugimenduekin hasi zen ere».